Arbelaitzek Legebiltzarrean AskeGunea zer izan zen azaldu eta Ertzaintzaren jarrera salatu du

[Argiako kazetari Lander Arbelaitzek Legebiltzarrean egindako adierazpena, bere blogetik ekarria Creative Commons lizentzia libreei esker].

Egunon jaun-andreok. EH Bilduko Julen Arzuagak gonbidatuta, Erakunde, Segurtasun eta Justizia Batzordean nago Donostiako AskeGunean gertatu zenari buruzko nire testigantza emateko.

Lehenik eta behin aurkeztu egingo naiz. Lander Arbelaitz naiz, Donostiakoa eta 27 urte ditut. Sei urte daramatzat Argian lanean kazetari gisa. Egun webguneko erredaktore burua naiz. Egunerokoan webgunean aritzen naiz lanean, baina kazetaritza-lanak egitera hainbat lekutara joateko zortea izan dut: Norvegia iparraldean bizi diren samiengana, Estoniara komunitate errusiarraren integrazioa aztertzera, Irlanda Iparraldera hango bake prozesuaren 10. urteurrenean ea bakegintzan nola ari ziren ikustera, Eskoziako azken hauteskundeekin batera independentzia erreferendumari buruzko eztabaida bertatik-bertara ezagutzera, Madrilera M15aren lehen urteurrenean, eta Hegoafrikan ere izan nintzen 3 astez, Apartheida amaitu eta demokrazia ezarri zutenetik 16 urte zeramatzatenean, bertako zuri eta beltzen arteko bizikidetza zertan zen jorratzera, baita gudatik bakerako egin zuten bidea aztertzen ere.

Donostiako AskeGunea

Donostiako AskeGuneari eusteko, gogora dezagun Donostiako 8 gazte espetxeratzeko agindua eman zuela Espainiako Auzitegi Nazionalak Segikoak izatea egotzita. Jarduera politikoa egiteagatik 6 urteko kartzela zigorra ezarri zieten. Epaia atera aurretik, Donostian urte batzuk zeramatzaten gaia lantzen eta azken hilabeteetan bilkura isilak egin zituzten babesa ematen zieten herritarrekin astean behin.

Elkarretaratzea Donostian.

Elkarretaratzea Donostian.

Behin epaia atera zenean eta 200 bat pertsonaren babesarekin, Donostiako Boulevardean egindako agerraldian kartzela aginduak hautsi zituzten eta herri harresia antolatzeko deia zuten. Legeak injustutzat jo zituzten eta desobedientzia zibila planteatu zuten. Eraman behar bazituzten, behintzat kostako zitzaiela aldarrikatu zuten.

ARGIA

ARGIAko erredakzioan gaiari buruz hitz egin genuen, eta gaia informatiboki jarraitu behar genuela erabaki genuen. Horretarako, ni denbora guztian eta Axier Lopez lankidea une askotan bertan egotea erabaki genuen.

ARGIAn gazte hauek beren jarduera politiko soilagatik espetxera bidaltzea injustizia dela ikusten dugu batetik; eta bestetik, gaur egun bake prozesu bat behar dugu eta espetxeratzeak oztopo dira aurrera egiteko. Garrantzitsua da bake prozesua bultzatzea, eta guk gure jardun periodistikotik hori bultzatzen dugu.

Gainera, gure komunitatearentzat intereseko gaia zela argi genuen. Balio informatibo handia zuen gertatzen ari zenak. Albistea zen guretzat.

Azken urteotan Interneten apustua indartu dugu eta ikusten dugu, hedabide txikia izan arren, eskura ditugun baliabide murritzekin kazetaritza ezberdina eta bertatik bertara jorratzeko aukera dugula halako gaietan.

Euskal kazetaritzak puntan egon behar duela pentsatzen dugu ARGIAn, eta guk puntan egon nahi dugu.

Gerora, gainera, ikusi dugu erabakia zuzena izan zela, gaiak oihartzun informatibo haundia izan baitu, atzerrian ere atera da, eta egun horietan milaka bisita izan genituen webgunean. Ordutik asko dira gure proiektura hurbildu diren herritarrak eta hori bisitetan nabari da. Uste dut lan profesionala egin genuela, eta jende askok zoriondu gaitu, beraz, ARGIAn pozik gaude.

Egunak aurrera

Egunak joan hala, bola handitzen zihoan. Astebetez ehunka pertsonak babestuta joaten ziren AskeGunean babesa hartzea erabaki zuten 6 pertsonak. Goizero eta gauero etxeetara zutabeak ibili ziren etxeetatik Boulevardera 8:30ean eta 20:30ean buelta.

Hala, Auzitegi Nazionalak 8 gazteok atxilotzeko agindua eman zuenean, polizia beren etxeetara sar zitekeela jakitun, AskeGunean 24 orduko herri harresia antolatu zuten. Momentu horretatik aurrera, hiru egun eta hiru gauez, ni bertan izan nintzen gaia jarraitzen.

Nire lana ARGIAko blogean orduz ordu gertatzen ari zena kontatzea zen. Gauza txikietatik hasita, orduak arinagoak egiteko egunero antolatzen zuten programazioa, zertan ari zen jendea uneoro, zein ziren janaria doan ematen zuten kolektibo, norbanako edo tabernak, ze musikari etorri zen babesa adieraztera, sindikatuak zetozela babesa ematera edo EAJri herri harresiarekin bat egin eta Espainiako lege injustuak betetzera Ertzaintza ez zezatela bidali eskaera, Iñigo Urkulluren erantzunaz informatzea ETBko elkarrizketan eta abar. Baita momentu tentsoagoak ere, bideoan grabatzea Ertzaintza bi aldiz etorri zenean eta herri harresia antolatu lehen aldiz adibidez atxilotu aurreko gauean…

Nire lana publikoa da, 24 orduko jarraipena zen, eta hori jarraitu ahal izan zuen ARGIAko irakurleak webgunean. Hainbat mediok beste alde batera begiratzea erabaki zuten.

Egunez egun Boulevardean gertatzen ari zena dimentsio handia hartzen ari zen. Lehen gauean 200 batek egin zuten bertan lo, bigarrenean 400ek, eta azken arratsean, lotara joan aurretik 2000 pertsonatik gora zegoen AskeGunean, gazteei babesa adierazten. Inork ez zekien zer gertatuko zen. Oso momentu intentsuak ziren eta ni bideoetan hori dokumentatuta uzten saiatu nintzen. Hala, gaua iritsi zen eta goizeko 6:00etan esnatu ginen. Bertan zeuden 800dik gora pertsona.

Zauritua.

Zauritua.

Azkenean iritsi zen gaua

Hainbeste egun bertan pasa ostean, momentu informatibo gorena iritsi zen, eta bertan nengoen.

AskeGuneko kide bat kopeta irekita Ertzaintzaren kolpe baten ondorioz.

Ertzaintzako 300 bat agente etorri ziren Boulevardera. Inork ez zekien zein jarrerarekin etorriko zen Ertzaintza. Aurreko arratsaldean mikrofonotik gogoratu zuten AskeGuneko lehen egunean Ekaitz Ibero atxilotzera joan zenean Ertzaintza, jendea lurrean eserita egon arren, jarrera bortitza erabili zutela. Horren adibide dira sarean zirkulatu duten hainbat bideo eta argazki, non jendea odoletan ikus daitekeen.

Ertzaintzak megafonotik

Ertzaintza beste jarrera batekin etorri zen apirilaren 19an. Ikusten zen agindu politikoak jaso zituztela, eta hor izango zuen pisurik bertan zegoen kobertura mediatikoak, profesionalak eta herrikoiak. Megafonoarekin etorri zen ertzain bat aginduak ematen, euskaraz eta gaztelaniaz. Gauzak beste modu batera egiteko agindua emana zutela agerikoa zen.

Nik harresia nola antolatu zen, ondoren megafonoko ertzainaren mezua, jendea lurrean eserita nola zegoen, zer giro zegoen… grabatzen aritu nintzen.

Eta desalojoa hasi zenean, hori grabatzera joan nintzen lehen lerrora. Niri inork ez zidan ezer ere esan hor ezin nuela egon, areago, Ertzain batek esan zidan “de aquí no pases” eta bertan hartu nuen nire posizioa, badaezpada ere txartela eskuan nuela, ikus zezaten kazetaria nintzela eta lanean ari nintzela. Bertan egin nuen ez dakit zenbat denbora, lehen lerroan, 10 bat minutu, 15, eta momentuan bertan bideoak grabatu eta YouTubera igotzen ari nintzen. Grabatu, igo eta Twitterretik zabaldu.

Ertzaintzako batzuk nire bila

Lanean ari nintzela, halako batean, Ertzain bat zuzenean ni seinalatzen ikusi nuen, niregana zetorrela. Pauso batzuk eman nituen atzera, eta konturatu nintzenerako gainean nuen. Lehen gauza eskukolpea eman zion nire mugikorrari eta airean bota zidan. Argi ikusten zen ez zuela gertutik grabatzerik nahi. Inongo dudarik gabe adierazpen askatasunaren aurkako erasoa izan zen hau, kazetari txartela agerian nuela ni erditik kentzera etorri baitziren.

Ertzaintzak eragindako markak lepoan.

Nik hor ezin nuen sinestu gertatzen ari zena. Nik momentuan erreakzionatu nuen mobila hartzera joateko, baina berehala lurrera bota ninduten. Lauren artean eusten ninduten, lepotik batek. Nik ez nuen onartzen gertatzen ari zena, eta nire indar guztiekin erresistitu nintzen. Bideoan ikusten da “deja que se canse” nola esaten duten.

Bat-batean, hainbeste egun hor momentu horren zain egon eta gero, bat-batean mugikorrik gabe eta lurrean lau ertzainekin ikusi nintzen. Ez nekien zer nahi zuten, ni kanporatu edo zer, baina ez nuen onartzen. Hala, zutik jarri nindutenean, gertatzen ari zenarekin kezkatuta (gogoratu, nire laneko tresna funtsezkoa mobila zela eta eskuetatik kendu zidatela), nire aurrean ertzain bat nire mobila zapaltzen ari zela ikusi nuen eta nire indar guztiekin lurrera bota nintzen. Bere bota azpitik mugikorra hartzea lortu nuen, eskuan zauri on bat egin nuen, eta hor, nire zorionerako eta nik jakin gabe, grabatzen hasi zen. Dena amaitutakoan Youtubera igo nuen.

Gerora, milaka aldiz ikusi den nire erasoaren bideoa AskeGuneako komunikazioko kideek egin zuten, eta nire mobilaren audioarekin sinkronizatu zuten, etxeetatik grabatu zuten momentuan zer esaten ari ziren argi erakutsiz. Herritar horiei esker iritsi da hau honaino.

Benetan tristea iruditzen zait segurtasun indarretako kide batek “que se muera” esatea gorrotoz beterik ezer egin ez dion pertsona batengatik, hain gratuitoki. Ezin dut ulertu nola gerta daitezkeen gauza hauek. Egitan. Agente horiek ez dakit zer daukaten buruan halakoak egiteko. Ziur nago segurtasun sailburua bera ere lotsatzen dela agente horien jarreraz.

Behin ulertuta ere kazetaria nintzela, astinduekin jarraitu.

Interbentzio hau prestatzen ari nintzela, Twitterren momentuan idatzi nuena aurkitu dut, eta gogoratzen naiz, nik momentu horretan ez nuela inongo protagonismorik nahi, eta paradoja badirudi ere, Ertzainen jarrera ezkutatu zuen lehena ni izan nintzela. Protagonistak herri harresian zeuden horiek izatea nahi nuen. Ez nuen jarri jo nindutenik. Bakarrik Ertzaintza txartela agerian nuela mugikorra kentzen saiatu zela.

Erasoaren aipamenik ez.

Erasoaren aipamenik ez.

Hori bai, benetan haserretu nintzen eta ezin nuen sinistu kioskora sartuko gintuztela kazetari guztiak. Gerora kazetari, hedabide eta kazetarien elkarteek salatu dute erabaki hori informazio eskubidearen aurkako neurri gisa.

Argazki panoramikoa.

Argazki panoramikoa.

Kioskotik geneukan ikuspegia oso urruna zen profesional batzuontzat.

Kazetariak kioskoan kaiolan bezala. Onartezina. Ertzaintzaren jarrera gero eta bortitzagoa.

Ni kioskoan egon nintzen gainontzeko kazetariekin batera. Bertan ordu ta piko edo egon nintzen, eta neure begiekin ikusi nuen Donostiako AskeGunearen desalojoa. Lehen esan dudan bezala, hasiera batean Ertzaintza gauzak ezberdin egiteko asmoz etorri zela agerikoa bazen, pixkana pazientzia galtzen joan ziren agenteak, eta horietako batzuk kolpe bajuak eta nahita min egitera nola joaten ziren ikusten nuen nire begiekin. Zenbat eta denbora gehiago pasa, nekea geroz eta handiagoa zen Ertzainen artean. Zenbat eta nukleorago, jendea orduan eta indartsuago heltzen zen elkarri.

Ertzaintzako kide dexente momentu batetik aurrera lurrean eserita zeudenen aurka era oso ageriko batean kolpeka hasi zen. Nik kioskotik jaitsi nahi nuen, ezin nuelako grafikoki ongi dokumentatu, eta eskaileretan zeuden bi agenteei esan nien jaitsi nahi nuela eta ezetz esan zidaten. Nik erabat deskolokatuta nengoen astinduen ostean eta Ertzaintzaren arrazonamendu falta horren aurrean. Argi eta garbi herritarren informazio eskubidea urratzen ari ziren.

Gerora Euskal Kazetarien Elkarteko kideek esan duten bezala, “horrelako neurriak bakarrik justifika daitezke kazetariek poliziaren lana larriki oztopatzen badute, edo beren bizitza arriskuan jartzen badute”. Eta Euskal Kazetarien Elkarteak gogoratzen duenez, “horrelako egoerak gertatzea ia ezinezkoa da kontzentrazio baketsu batean”.

Nire ezintasunean, hanka bat barandaren kanpoan jarri eta bideo bat grabatzen hasi nintzen, behintzat pixka bat gertuago nengoela sentitzeko… eta hala ere sarrerako agentea etortzen zitzaidan eta jarrera harroputzez esan hanka sartzeko, ezin nuela kanpoan eduki eta horrelakoak. Benetan intsultantea zen Ertzainen jarrera egun horretan kazetariontzat.

Hala, bideoak grabatzen aritu nintzen ordubetez, baina geroz eta haserreago nengoen, ez nintzelako ongi egiten ari nire lana. Bertan inguruan zeuden kazetarien artean saiatu nintzen esaten ez genuela onartu behar hor egotea, etika periodistikoagatik, eta denok bertatik atera behar genuela batera. Desobeditu behar genuela jarri ziguten agindu hori. Baina beno, uste dut niri egin zidatena ikusita batzuk eta besteak ez zutelako beharrezkoa ikusten, inork ez zidan kasurik egin.

Kioskotik atera eta harresira salto

Hala, deskribatzea zail den sentimendu batekin, kioskotik atera behar nuela erabaki nuen. Nire aurrean 300 ertzaineko lerroa zegoen, guri bizkarra ematen eta harresira begira, honen inguruan jarrita. Halako batean, neure aurre-aurrean zegoena, 5 bat metrora zegoena, bat-batean furgonetara joan zen eta zuloa geratu zen biren artean. Banekienez kioskotik jaisten eta harrapatzen baninduten gaizki bukatuko nuela. Pentsatu nuen neure lana libre egiten utziko zidaten leku bakarra harresiaren barruan zela, eta gainera, nik bertatik bertara erakutsi nahi nuela gertatzen ari zena. Ematen ari ziren kolpeak benetan dokumentatu behar genituela sentitzen nuen eta denbora aurrera zihoala. Harresian jarri zen eta kolpeak jasotzen ari zen jende horrek gugandik espero zuela hori ongi dokumentatuko genuela gerora salatzeko.

Hala, kioskotik jaitsi nintzen salto batean, ahal nuen azkarren korrika joan, agenteen artetik pasa eta jendearen gainera bota nintzen. Ertzainek ez zuten erreakzionatu beren ondotik pasatzean eta barruan erori nintzen, bosgarren lerroan edo esan didatenez, jendearen gainera. Nik ez ditut oso ongi gogoratzen une hauek, eta gainera, momentu horretan sorbalda atera zitzaidan. Hau esaten dut, egiari zor, gerora Berrian egin zidaten elkarrizketa digitalean ospitalean besoan jarri zidaten kabestrilloarekin atera nintzelako, eta jende askok pentsatu duelako hori Ertzaintzak egin zidala.

Ez, erori nintzen momentuan sorbalda atera zitzaidan. Nire obsesioa momentu horretan barnetik grabatzea zen, bertatik bertara erakustea eta YouTubera igotzea etxetik jarraitzen ari ziren horiei zer ari zen gertatzen. Eta hala, ondoan seko harrituta zegoen Gernikako mutil batek lagunduta, bideo pare bat igo genituen. 10 bat minutu ostean, sorbalda sartu nuen bertako batzuen laguntzaz, ya zutik jarri nintzen erakusteko kazetaria nintzela, ez manifestaria, eta bertatik grabatu nituen azken 20 minutuak.

Ertzain gehienak, amaierarako erabat deskontrolatuta zeuden. Nire begiekin ikusi nuen. Jendeari begietatik, belarrietatik behatzak sartzen zizkioten. Kolpeak ere ematen zituzten, mina egitera joaten ari ziren asko. Nik ez nuen momentuan entzun, baina neskari dexentek komentario matxistak egin zizkieten. Eta jendeak, momentu tentso-tentso horietan, lurrean eutsi zion inongo kolperik itzuli gabe. 800 pertsona horiek desobedientzia zibila era masibo batean praktikara eramaten asmatu zuten eta Ertzaintzaren jarrera ez zen eredugarria izan. Ikusi bideo hau 1:45etik 8:00 minutura.

Hurrengo egunean hainbat politikarik esan zuten, segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak adibidez, Ertzaintzaren jarrera eredugarria izan zela, ni manifestaria nintzela eta ni beste guztiak bezala atera nindutela.

Grabatzea nahi ez zuten bideo horietan argi geratzen da ezetz, lurrean eserita zegoen jendearen aurka biolentzia erabili zutela. Ni ez nintzen manifestaria, kazetari txartela erakusten ari nintzen eta hasiera-hasieratik hala identifikatua nengoen. Nire lana publikoa da eta ikus daiteke lanean ari nintzela. Eta erasotu nindutenean ere denbora guztian kazetaria nintzela esaten nuen barru-barrutik. Eta denak bezala atera nindutela? Jo dezagun ez zekitela ni kazetaria nintzela, ez zirela joan niri kamera kentzera eta beste guztiak bezala tratatu nindutela manifestaria nintzela uste zutelako. Horri erantzun nahi diot, Ertzaintzak ez duela inongo herritarrik horrela tratatzeko eskubiderik. Ez kazetaria izan ez manifestaria.

Neurriak hartu behar dira

Niri egin zidatenak ez du justifikaziorik eta informatzeko eskubideari horrelako erasoa egitea ez da onargarria XXI. mendeko zuzenbide estatu batean.

Estefania Beltran de Herediak esan berri du Ertzaintzaren funtzioa “gure herriaren segurtasun sentipena areagotzea” dela. “Gizartearekin bat datorren polizia integrala da Ertzaintza, bakea eta elkarbizitza sustatuko duen polizia. Herritarron ongizatea eta segurtasuna bermatuko duen Ertzaintza egingo dugu”.

Baina hemen arazo handi bat daukagu Ertzaintzako kideek duten zigorgabetasun edo inpunitatearekin.

Ni erasotu nindutenak nor dira? Zer egin dezaket nik? Nirea bezalako bideoa grabatuta izateko zorterik ez duten herritarrek zer egin behar dute, norengana jo, funtzionario publiko hauen gehiegikeriak pairatzen badituzte? Orain bertan, ezin dugu ezer egin. Eta nik lehen pertsonan kontatzen dizut jende askok daukan sentimendua Ertzaintzarekiko.

Gainera, nire kasura etorrita, zer esan segurtasun sailburua bera ere, barkamena eskatu beharrean, ni manifestaria nintzela eta beste guztiak bezala atera nindutela esanez ateratzen bada nirekin harremanetan jarri ere egin aurretik. Benetan uste dut politikari zintzo eta arduratsu batek beste jarrera bat hartu behar lukeela. Autokritika egiten ere jakin behar du segurtasun sailburuak, zilegitasuna irabaziko luke.

Halere, iruditzen zait aurrera egin behar dugula, eta herri hau aurrera egiteko gogoz dagoela. Euskal Herrian garai politiko berriak bizi ditugula ukaezina da, horregatik Ertzaintzak ere indar polizial bezala, aurrera egin behar duela sinisten dugu askok.

Joan den ekainaren 5ean Ertzaintzako 9 agente saritu dituzte Arkauten. Banku lapurretak saihestu dituzte bik, emakumeen aurkako erasoak beste bik, herritarrak salbatzeagatik hiru (uretatik konortea galduta zegoen jendea atera eta masajearekin berpizteagatik) eta beste bik beren buruaz beste egin behar zuten pertsonak in extremis salbatzen. Horietatik asko gainera beren lan orduetatik kanpo harrapatu zituen gertaerak, eta jarrera ezin eredugarriagoa izan zutelako saritu dituzte, batzuk gainera zaurituta bukatu dute. Ziur nago, ertzain hauek berak adibidez, edo anonimoan lana duin egiten pasatzen diren beste askok, lotsaz ikusten dituztela denen izena zikintzen duten agenteak. Seguru nago. Ni kazetaritza modu manipulatuan lotsarik gabe erabiltzen duten kazetariekin lotsatzen naizen bezala.

Neurriak barrura eta kanpora begira

Hau konpontzeko, barnera begira lan egin beharko da gogor, gorrototik lan egiten duten agente horiek identifikatu eta zuzentzeko, edo bestela kaleratzeko. Ez dadila berriz sekula gertatu inpunitatez astakeriak egiterik, nire kasuan bezala, edo askoz larriagoa, Iñigo Cabacasen kasuan bezala, bi kasu aipatzearren. Esan bezala, pentsatzen dut Ertzaintzan ere jende askok eskertuko duela barnera begira neurri batzuk hartzea.

Eta horrez gain, eta bigarren puntu gisa, nahita nahiezkoa da herritarrei begira ere neurriak hartzea, benetan ikus dezagun Jaurlaritza honek garai berrietara egokitzeko gogoa duela. Ez duela halako praktikak egiten dituzten agenteak ezkutatzen jarraitu nahi, eta beraz, modu oso garbian konplize izan. Berea baita ardura politikoa, eta hori garbi eduki behar dugu.

Horretarako gauza asko egin litezke eta munduko herrialde askotan adibide onak aurki daitezke. Abiapuntu gisara, neurri zehatz bat exijitu nahi diot Eusko Jaurlaritza honi. Ertzainak identifikatuta joan daitezela argi eta garbi. Ez naiz esaten ari aurpegia agerian joan behar dutenik, –izan litekeela, ez badute ezer ezkutatzeko eta jada ez dago borroka armatuaren aitzakiarik–, esaten ari naiz behintzat denok ikusteko moduan zenbaki edo kode bat eraman dezatela sorbaldan, bizkarrean edo kaskoan.

Hau ez da nire ideia bat. Hainbat herritan aplikatzen da eta baita Espainiako 13/2007 instrukzioak ere, poliziak identifikatuta joan behar direla dio. Hemen adibide batzuk ditut. Estonian nire begiekin ikusi nuen kaskoetan zenbakiak zeramatzatela eta paparrean izen abizenak.

Kaskoetan dituzte zenbakiak Estoniako poliziek, baita izen abizenak paparrean ere.

Kaskoetan dituzte zenbakiak Estoniako poliziek, baita izen abizenak paparrean ere.

Saretik atera dut Alemaniako hau.

Alemaniako polizia, bizkarrean identifikazioa duela.

Alemaniako polizia, bizkarrean identifikazioa duela.

Hau Suediako polizia.

Suediako polizia, kaskoan erreferentzia dutela.

Suediako polizia, kaskoan erreferentzia dutela.

Eta hau Norvegiako poliziaren argazkia da.

Norvegiako polizia.

Norvegiako polizia.

Noizbait agenteren batek herritarrekin jarrera desegokiak baditu, biktimak esan ahal izango du “123″ zenbakiak jo zuela, eta erraz identifikatu ahal izango da nor izan den, Ertzaintza barruan ere ikerketa egin eta neurriak hartu behar badira, hartzeko. Imajinatu Cabacas auzian Ertzainek kaskoan zenbakia eraman izan balute, oso erraza izango lukete Ertzaintza barruan nor izan den identifikatzea.

Herritarrak askoz seguruago sentituko lirateke Ertzaintzarekin. Ez egin inongo dudarik.

Lehen neurri horrekin Jaurlaritza honek pauso handi bat emango luke. Garai berrietan bizi gara eta aurrera egin nahi dugu. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko momentua da. Ertzaintzaren birmoldaketan dioena zintzoki esaten badu, eta hala dela sinistu nahi dut, espero dut Jaurlaritzak ahalik eta azkarren identifikatuko dituela Ertzainak eta ez duela inpunitaterako zirrikiturik utziko hemendik aurrerako agerraldietan.

Eta ez badu etorkizun hurbil batean halako neurririk hartzen, agerian geratuko litzateke poliziaren gehiegikeriekin amaitzeko borondate politiko falta lukeela.

Sinistu nahi dut Jaurlaritzak ez duela beste alde batera begiratuko eta pauso bat emango duela aurrera, elkarbizitzaren alde.

Lander Arbelaitzen ARGIAko blogetik ekarria Creative Commons lizentzia libreei esker.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s