#Altsasua ELKARBIZITZAREN ALDE, OSPA! (iritzi artikulua)

ELKARBIZITZAREN ALDE, OSPA!

Hamabi gazte inputatu eta zazpi espetxeratu. Egozten zaien delituarentzako Zigor Kode berrituak, Mozal Legearen egun berean indarrean sartu zen horrek, ETAk armak behin betirako utzi eta lau urtera moldatutako horrek, 10 eta 15 urtera arteko espetxe zigorra aurreikusten du. Carmen Lamela epaileak justiziazkoa irizten dio gau hartako liskarrari terrorismoaren etiketa ezarri eta gazteak denbora luze hori ziega batean preso emateari.

Testuingurua: lur-eremu etsaia okupatu eta “baketzeko” logikan diharduten polizia eta militarren gainpopulazio egiturazkoa. Eszena: Jaietan dagoen herri bateko taberna, goizeko ordu txikiak, Guardia Zibileko bi kide herritarrei mehatxuka -enegarrenez-. Amaiera: Liskarra militarren eta hainbat herritarren artean.

Hortik aurrera, salbuespen neurri eta bitartekoen kateatze zoroa: herriaren okupazio militar masiboa; komunikabideen oldarraldia; politikari muturrekoenen jazarpen zuzena; neutraltasun itxura eman nahi duten politikarien jazarpen zeharkakoa; liskarretik terrorismora eta justizia arruntetik salbuespen epaitegietarako jauzia; euren borondatez deklaratzera epaitegietan aurkeztu ziren gazteen gau-erdiko atxiloketa mediatikoak; euren borondatez deklaratzera epaitegietan aurkeztu ziren gazteen espetxeratze prebentiboa “ihes egiteko arriskua” dela eta; Guardia Zibilaren aurkako “jarrera probokatzaileak, manifestazioak, kontzentrazioak, pintadak, pankartak eta afixak, bideoak eta sareen erabilera” terrorismo izendatzen dituen sumarioa; 10-15 urteko espetxe eskaera, defentsari frogak aurkezteko aukerarik eman gabe; akusazioak delitua frogatu beharretik akusatuek inozentzia frogatu beharrera (ohiko pirueta); Alde Hemendik aldarrikapenaren kriminalizazio judizial eta mediatikoa (baita, bide batez, Ahotsa komunikabidearena ere); Ospa! mugimenduaren legez kanporatze bati ateak ireki nahia? Irakurtzen jarraitu

Advertisements

Injustiziaren kiribilean sakontzen: harresiak epaituak (Iritzi artikulua)

2015eko maiatzaren 6an Ertzaintzak operatibo bat jarri zuen martxan zazpi euskal gazte atxilo hartu eta espetxeratzeko. Atxiloketak hastearekin jakin genuen Madrilgo Auzitegi Nazionalaren epaia: Segiko kidea izatea leporatuta, seina espetxe urte. Auzitegiak aintzat hartu zuen hilabete batzuk lehenago eta espetxeratzeen aurrean elkartasuna antolatzea eragotzi asmoz Ertzaintzak berak zuzenduriko eskaera. Epaia gazteei ezagutzera eman aurretik, eurei jakinarazteko eskatzen zuen polizia autonomikoak. Horrela, “prebentiboki” atxilotuko zituzten. Kondenatuari espetxera borondatez aurkezteko epea da ohiko prozedura, baina zer arraio. Beste salbuespen bat, salbuespena arau den lurralde bitxi honetan.

Hiru gaztek itzuri egin zioten sarekadari, ordea. Euren inguruan fisikoki gorpuztu zen guztiei adierazi nahi genien babesa eta konpromisoa. Hamar egun bizi, zoro, ezin intentsoago izan ziren. Malkoek, amorruek, elkartasunak, konpromisoak, ia denak egin zigun gainezka. Baita agendak ere. Euskal Herria laranjaz tindatu zuen astebeteko auzolan erraldoiaren ostean, maiatzaren 17an, Gasteizen elkartu ginen aurpegia margotuta, kamiseta laranjak eta ileorde koloretsuak soinean. Hiriaren plaza nagusia okupatu, eta Askegunea eraiki genuen bertan. Andra Mari Zuriaren enparantzan, izan nahi dugunaren lagin txiki bat irudikatu genuen: herri autoantolatua, elkar-laguntza oinarri duena, alaia, umoretsua, bizi-pozez betea. Astelehen goizean Ertzaintza agertu zen. Askegunea harresi bihurtu, eta behartzen gaituzten aldiro izateko prest gaudena erakutsi genuen: herri solidarioa, injustizien aurrean sumintzen dena, errepresioaren jomugan jartzen dituztenak gorputz eta arima babesteko prest dagoena, lege bidegabeak desobeditzen eta konfrontatzen dituena.

Gasteizko herri harresiaren aurkako erasoa Ertzaintzak egindako guztietan bortitzena izan zen. Orduko argazki eta bideo-irudiek lekukotasun argia utzi zuten, eta gerora epaitegietan Ertzaintzaren aurka jarritako 40tik gora salaketak ere argigarriak dira. Momentuko bortizkeriaren ikuspegitik soilik ez, ondorio judizialei begira ere inoizko errepresiboena izan da. Orotara 15 lagun inputatu zituen Barne Sailak. 13 pertsonari, kateatu edo beren buru gainetik pintura bota zutenak, desobedientzia eta erresistentzia hainbat delitu egozten zaizkie. Beste biri, agintaritzaren aurkako atentatua. Hamaseigarren bat inputatzen saiatu zen Ertzaintza gerora, berariaz egindako txosten mardul batean arduraduntzat joz, baina epaitegiak atzera bota zuen.

Orain, epaiketa data batzuk mahai gainean ditugu. Urriaren 10ean Adam eta Oier epaituko dituzte. Abenduaren 13an Izaskun, Jon, Pablo, Xabier, Galder, Asier, Endika eta Iñaki. Guztiak salatzen ditugu bidegabekeria berbera dutelako oinarri; gaurkoan, ordea, lehendabiziko epaiketaren larritasuna nabarmendu nahi dugu. Irakurtzen jarraitu

Gasteizko Herri Harresian atxilotutako gazteen aurkako EPAIKETAK Urrian eta Abenduan

This slideshow requires JavaScript.

Urte bete pasatxo dela, 2015eko maiatzaren 17an, milaka pertsonek Gasteizko kaleak hartu genituen. Gure eskubide zibil eta politikoen defentsan eta Igarki, Aiala eta Ibon babesteko. Hiru gazteak, aurreko egunetan atxilotuak izan ziren beste laurekin batera, seina espetxe urtetara zigortu berri zituen Auzitegi Nazionalak, Segiko kide izatea leporatuta. Manifestazioa amaitzean Andra Mari Zuriaren enparantza okupatu genuen, laranjaz tindatuz. Kontzertuak egin genituen, bazkari herrikoiak, dantzan eta kantuan aritu ginen… dena giro ezin hobean, tentsioari gaina hartuz.

Astelehenean, hilak 18, istiluen aurkako hamarnaka Ertzain agertu ziren plazan Aiala, Igarki eta Ibon atxilotzera. Haien bortizkeriak 70 zauritu inguru eta 20 atxilotu eragin zituen.

Hilabete batzuk beranduago, Epaitegi Gorenak gazte horiek errugabeak zirela ebatzi zuen.

Orain, hurrengo hilabeteetan zehar, orain onartua den errugabetasun hori euren gorputzez defendatu zuten 15 pertsona solidario epaituak izango dira orduko ekimen herrikoi eta desobediente masiboan parte hartzeagatik. Injustizian eta zentzurik ezan are gehiago sakontzea da.

Astelehen honetan lehendabiziko epaiketa izango da, guztietan larriena. Izan ere, Adami eta Oierri Agintaritzaren aurkako atentatua eta lesioak leporatzen zaizkie. Ertzaintzak dio eurak kolpatu eta lesionatu zituela, akusazio partikular gisa aurkezten da eta fiskaltzak baino zigor gogorragoak eskatzen ditu. 2 urte eta bi urte eta erdi. Zigorraren arabera, Adam eta Oier espetxeratuak izan daitezke. Azala behar da gero. Egun horretako kolpe bakarrak, Ertzaintzak banatutakoak izan ziren.

Hurrengo epaiketa abenduaren 13koa izango da. Zortzi lagunek desobedientzia eta erresistentzia akusazioei egin beharko diete aurre. Ibonekin, Igarkirekin eta Aialarekin batera entubatu eta kateatu ziren atxiloketa zailtzeko.

Atzo bezala gaur, juztiziaren alde eta legearen aurrean kokatzen gara. Atzo bezala gaur, auzipetuak babestu eta gure eskubide zibil eta politikoak defendatzen ditugu. Guzti horrengatik, eta epaiketa egunean Oier eta Adam laguntzeko, astelehen honetan kontzentrazioa burutuko dugu Gasteizko epaitegien aurrean, goizeko 9etan.

Gasteizko Harresia

Irakurtzen jarraitu

Nekane LIBRE! ekimenak gaur aurkeztutako kanpaina

Kartela Nekane Ona-1

 Nekane LIBRE!

Tortura sexistarik ez!

Nekane Txapartegi atxilotu zuen Zurichen Suitzako Poliziak pasaden apirilaren 6an, Espainiako Poliziarekin batera egindako operazioan, ETAko kidea delakoan.
Alta, Txapartegiren jardun politikoa publikoa izan da ezkerreko mugimendu sozialetan. Kasu,
Asteasun (Gipuzkoa) HBko zinegotzi hautatu zuten Txapartegi 1995ean eta 1999an. 1999ko martxoan atxilotu zuten eta torturatu egin zutela salatu zuen: elektrodoak eta poltsa ezarri zizkioten, eta sexu jazarpena pairatu zuen, eta hori gutxi balitz lau poliziek bortxatu egin zuten. 18/98 sumarioan epaitu zuten ondoren, Xaki atalean. 2006an egindako epaiketan Torturak pairatu zituela deklaratu zuen Audientzia Nazionalean1. Auzi harengatik, sei urte eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri zioten 2007ko abenduan, Xakiko kide izatea egotzita. Geroztik estatu espainiarretik alde egin behar izan zuen, berriro atxilotua eta torturatua izatetik ihesi. Orduz geroztik, Suitzan bizi izan da bere alabarekin, atxilotu duten arte. 2012an euroagindu bat igorri zuen Auzitegi Nazionalak Txapartegi atxilotu eta estraditatzeko.

Kasu honek erpin asko ditu. Nekane LIBRE! Herri ekimena abian jarri da, eta ekimen honi atxikituz, Eleak/Libre eta Tortura sexistarik ez! dinamikatik bi azpimarratu nahi ditugu: oinarrizko eskubide zibilen urraketa eta tortura sexistei dagozkienak.

Estatu espainolak, egituraz eskubide zibil eta politikoen, disidentzia politikorako eskubidearen urratzailea den arkitektura oso bat du eraikia. Eraiki horren atal batzuk zuzenean frankismotik datoz. Terrorismo delitua egotzita atxilotuak diren pertsonak inkomunikatuta izateko aukera edo Nekane bera epaitu zuen Auzitegi Nazionala kasu, diktaduraren Tribunal de Orden Publiko zenaren oinordeko zuzena dena. Beste batzuk hurrengo hamarkadetan garatu ziren, formalki sistema politiko demokratikoan jada. Hala nola, zigor kodeko 571-580 arteko zenbait artikulu edo Alderdien Legea. Euskal Herrian ez ezik Nazio Batuetatik salatu dira legedi hauen izaera:

(…) terrorismo delituei buruzko espainiar Zigor Kodeko hainbat xedapenen lausotasunak “malda irristakor” batean behera erortzeko arriskua dakar berarekin, hau da, herritarren kontrako indarkeriazko ekintza larriak burutzearekin zerikusirik ez duten portaerak barneratzen dituen terrorismo kontzeptuaren pixkanakako zabalpena. Aspektu hori bereziki kezkagarria suertatzen da delitu bat terrorismotzat jotzen denean martxan jartzen diren neurrien argitan:inkomunikatutako atxiloketa; Auzitegi Nazionalaren eskumen esklusiboa; terrorismo susmagarriak lau urteko behin-behineko kartzelaldian mantentzeko aukera; zigorren larriagotzea eta beste askotan baita zigorren betetzeari buruzko arauen moldaketa ere.2 Irakurtzen jarraitu